Kameratoia 08 izena hartu du laugarrenez ospatuko den Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallyak. Lau urtez antolatutako rallyan argi ikusi den moduan gazte sortzaileak dira Kameratoian protagonista, goizean goiz ematen zaien gaiari sormenez erantzuteko trebezia duten gazte sortzaileak.
Zer da Kameratoia, bada?
Kameratoia ikus-entzunezkoen festa bat da, goiz-goizean hasi eta gaueko lehen orduetaraino luzatzen den festa. Euskaraz ikus-entzunezkoak sortzeko zaletasuna duten lagunen bilgune bihurtu da hiru urtez Rallya eta aurten ere horixe izango da.
Goizeko 9etan gaia eta ikus-entzunezkoan agertu behar diren hainbat elementu emango zaizkie parte-hartzaileei eta arratsaldeko zazpiak-arteko epea izango dute beren lanak aurkezteko, gehienez hiru minutuko iraupena izango duten ikus-entzunezkoak izango dira aurkeztu beharrekoak. Talde-lanean egin beharreko ikus-entzunezkoak dira aurkeztuko direnak eta sari politak jasoko dituzte irabazleek.
Zergatik Kameratoia?
Ikus-entzunezkoen munduan gero eta laguntza gehiago dagoen arren, sortzaileek hainbat arazo izaten dute beraien lana jendearen aurrean aurkezteko eta hori da lehiaketa honek duen helburuetako bat, sortzaile gazteen lanak zabaltzea.
Laugarrenez ospatzen da Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya aurten. Donostia aukeratu da horretarako, Tabakalera Kultur Fabrika, hain zuzen ere. Ikus-entzunezkoen kulturaren gune garrantzitsua izango da aurrerantzean Tabakalera, leku ezin-hobea beraz Kameratoia 08 lehiaketa/festa antolatzeko.
Aurreko bi edizioetan izandako arrakasta errepikatzeko gogoz dabil Topagunea, sortzaileen bilgunea bihurtu eta ahalik eta zabalkunde handiena emateko hauen lanei.
Lehen edizioa, Eibarren
Lehiaketaren lehenengo edizioa 2005eko abenduaren 17an egin zen Eibarren eta bertan 18 taldek parte hartu zuten. Egun euritsua izan bazen ere, esanahi eta bizitasunez betetako lanak sortu ziren 12 orduko iraupena izan zuen rallyan. Goizean goiz hasi eta nerbioz gainezka gau aldera bukatu zen egun osoko egitarau Portale Kultur Etxeko areto nagusian egin zen sari banaketarekin.
Bigarren edizioa, Airaldean
2006ko abenduaren 16an egin zen bigarren edizioa Araban, Aiaraldea osatzen duten Aiara, Amurrio, Artziniega, Okondo eta Laudio izan zirelarik grabaketak egiteko eskenatokiak. Azken honetako Lanbide Heziketa Udal Ikastetxean egin ziren bai edizio lanak eta baita sari banaketa ere. Parte-hartzaileen lanen kalitatea ikaragarria izan zela ezin uka daiteke, halaxe aitortu zuten epaimahaia osatzen zuten zuzendari, irakasle eta bertaratuek.
Hirugarren edizioa, Elgetan
Rallyaren III. Edizioa egiteko Gipuzkoa eta Bizkaiko muga den Elgeta herria aukeratu zen. Espaloia Kafe Antzokian giro aparta sortu zen, Elgetarrek egindako harrera bikainari esker. Guztira 75 lagunek parte hartu zuten, hamabi taldetan banatuta, tartean ziren familia osoak, gazte koadrila zaratatsuak, mozorrotutako lagunak,… Hirugarren urtez, kalitate maila handiko lanak ikusgai eta 3.600 euro banatu ziren saritan. Aho-zapore gozoz bukatu zen eguna Elgetan ere.
Aurten, Donostiara
Rally eguna nolakoa den bertan egon garenok bakarrik dakigu. Egun paregabea pasatzeko gogoa baduzu eta bestelako planik ez badaukazu, osatu taldea eta zatoz Tabakalerara!







