Eguneko kronika

Gosaltzen, lanari ekin aurretikAbenduaren 29ko goiza hotz-hotza zen, eta seguruenik, batek baino gehiagok nahiagoko zukeen ohean geratu, baina —gripeak eragindako baja batzuk salbuespen— mundu guztiak konpromisoari eutsi eta, goizeko 8:30etarako, Euskal Herriko punta guztietatik hurbildutako gaztez beteta zegoen Espaloia Kafe Antzokia: Hamabi talde, guztira 75 bat lagun, hurbildu ziren Elgetara.

Bertoko lagunek harro-harro erakutsi ziguten eguna esnatzean han goitik duten ikuspegi ezin ederragoa. Lehiakideetako batzuek aitortu zigutenez, Elgetan bertan lo eginda zeuden, herriko ostatuetako batean, eta Ikus-entzunezkoen Rallyaren aitzakia aprobetxatu zuten asteburua bertan eman eta eskualdea ezagutzeko.

Ordutegia nahiko zorrotz jarraitu zen egun osoan: hala, goizeko bederatzietan, Topagunearen Gazte Saileko Teknikaria, Sonia Perez Anguera, Espaloiko agertokira igo eta bertaratutakoen arreta eskatu zuen. Arratsaldeko zazpietarako aurkeztu beharreko bideoetan erabili beharreko gaia eta ezaugarriak jakinarazteko momentua zen. Behean, parte hartzaileen artean, denetarik apur bat: aurreko edizioetatik ezagunak ziren batzuk, beste batzuk erabat berriak: telebistako aurpegi ezagunak, gazte koadrila animoso-animosoak, Araba aldetik guraso, ume eta guzti hurbildu zen familia oso bat ere egon zen lehiakideen artean.

Soniak ongi etorria eman zien guztiei, eta ondoren ezaugarrien zerrenda eman zuen: Elgetako kataia, bere garaian Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugatzat erabiltzen zen atea, San Roke kalea, Elkororen lehen urratsak ikusi zituen frontoia, Debagoienako albisteak astero ematen dituen Goienkaria… Horiek guztiak lotzeko, gainera, gaia ere eman zitzaien parte hartzaileei: In-txorta(n). Hasiera-hasieratik sumatu genuenez, gaiak askorako emango zuen egun osoan.

Antenak eta diademak, bolo-boloJarraian, materiala banatu zitzaien lehiakideei: taldeko karpetatxo bana, herriko mapa, Goienkariaren ale bat eta ezaugarrien gaineko informazioa zekarrena, eta uste baino harrera hobea izan zuten antena pareak eta diadema argidunak lehiakide guztientzat. Materiala banatuta, lanari ekiteko momentua iritsi zen. Ordu pare batez, jendea Kafe Antzokian bertan geratu zen, taldetxotan banatuta, gidoiak prestatzen. Eta gero, pixkanaka-pixkanaka, aretoa husten joan zen, taldeak irudiak grabatzera irten ziren eta.

Momentu horretan hasi ziren lehenengo sorpresak: lehiakideek ekarritako materialaren kalitateak aho zabalik utzi zituen antolatzaileak. Goibeko Elkarteko kide eta Goiena Telebistako arduraduna den Iban Arantzabalek esaldi esanguratsu batean laburbildu zuen han ikusitako baliabide erakustaldia: “Telebistan ere ez daukagu horrelakorik!!!”. Definizio handiko kamerak, mikrofono profesionalak… Elgetarrek ere harrituta ikusi zuten herria kamerek hartuta. Hori bai, lehenengo uneko harridura pasatuta, gogotsu aritu ziren lehiakideei laguntzen. Herriko jende asko eta asko agertzen da egunean ekoitzitako bideoetan, aktore lanetan.

Elgetako kaleak, kamerek hartutaEgunak aurrera egin ahala, Espaloia berriro hasi zen jendez betetzen. Jendez eta ordenagailuz ere bai. Eta ordenagailuekin batera, lehenengo arazotxoak: bati kable bat ahaztu zaiola etxean, besteari DVD irakurgailua hondatu zaiola… Zorionez, elkartasun handia egon zen zentzu horretan lehiakideen artean, eta Espaloiko jendeak ere ahalegin ikaragarria egin zuen egun osoan jendeari laguntzeko eta han geunden guztiok ahalik eta erosoen egoteko. Mila esker bihotz-bihotzez!

Eguerditik aurrera, jendea edizio lanetan kontzentratzen hasi zen. Talde gehienak taldetxotan banatu ziren: batzuek irudiak grabatzen zituzten bitartean, besteek edizio lanei ekin zieten. Bitartean, Espaloiko agertokiko pantaila erraldoian, parte hartzaileei lanean ari zirela egindako argazkiak agertzen ziren tarteka. Pantaila horretan bertan 2006an Araian egindako lanak ikusteko aukera ere egon zen bazkalorduan.

Bazkalostea di-da igaro zen, eta konturatu orduko arratsaldeko seiak ziren. Aurpegi askotan ageri-agerian zegoen denboraz estu zebiltzala talde gehienak, eta urduritasuna gero eta handiagoa zen. Une hartan, Sonia berriro ere igo zen agertokira. Lanak entregatzeko ordubete geratzen zela gogorarazi zuen, eta, lan teknikoetan zebilen Iban Toledoren laguntzaz, ohar pare bat eman zuen lanak entregatzeko moduaz. Nerbioak uxatzeko, xanpainaJarraian, eskerrak eman zizkien guztiei egiten ari ziren ahaleginagatik eta, tentsioa baretzeko, xanpaina banatu eta topa egiteko gonbitea luzatu zien guztiei. Proposamena gogo onez hartu zuten lehiakideek eta, azken txanpari ekin aurretik, bertaratutako guztiok topa egin genuen elkarrekin.

Agertokiko pantaila erraldoian, argazkien ordez, kronometro handi-handi bat agertu zen orduan. Minutuek ihes egiten zuten heinean, lehiakideen aurpegietan larritasuna hasi zen nagusitzen. Jendeak kalitatezko lanak aurkezteko gogoa zuen, eta talderen bat lana ez aurkezteko zorian ere egon zen, bideoa amaitu gabe aurkeztu baino, erretiratzea nahiago zutelakoan. Hala ere, antolatzaileek animatuta, azkenean inork ez zuen atzera egin, eta goizean etorritako talde guztiek erakutsi zuten egunean zehar egindakoa.

Berehala jo zuten zazpiak eta, lehenengo aldiz Rallyaren historian, lan guztiak garaiz entregatu ziren. Lehiaketa egiteko erabilitako gunea itxi egin zen, eta lehiakide gehienak Antzokitik atera eta bueltatxoa egin zuten Elgetan zehar, aire apur bat hartu eta eguneko nekea ahazteko. Bitartean, teknikari lanetan zebilen Iban Toledo eta antolakuntzako jendea gaueko pasea prestatzen hasi zen: mahaiak kendu, aulkiak ipini, egunean sortutako bideo guztiak ordenagailu bakar batean bildu, iritsi berriak ziren epaimahaiko kideei harrera egin…

Zortzietan, behin Espaloia txukunduta, mokadutxoa eskaini zitzaien lehiaketan parte hartutakoei, 2006ko edizioko bideoak erakusten ziren bitartean. Jendea erlaxatuago zegoen ordurako eta, tartetxo baten ostean argiak amatatu eta esertzeko eskatu zitzaien guztiei: egunean sortutako lanak ikusteko momentua zen. Espaloia jendez lepo zegoen ordurako: Elgetako zein inguruetako jende asko bertaratu zen egunean egindakoa ikustera, eta guztiak ere ahozabalik utzi zituen erakutsitako lanen kalitateak. Denetarik ikusi zen lehiaketako bideoetan: 36ko gerra, Intxorta mendiaren inguruko bitxikeriak, “in txorta” ardatz hartuta egindako hitz joko umoretsuak, herriko jende asko aktore lanetan… lan batzuk barre algaraka, eta beste batzuk isiltasun zirraragarriarekin hartu zituen publikoak, baina hori bai, denak ere txalo zaparrada artean.

Proiekzioa amaitu zenean hasi zen eguneko parterik zailena: epaimahaiak 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak banatzeko ordua, hain zuzen ere. Bost ziren epaileak:
• Jon Andueza. (Elgeta) Informazioaren Zientziatan eta Zientzia sozialetan lizentziatua, hainbat urtetan ikusi dugu kamara aurrean, batez ere telebistan. Azken urteotan zuzendari eta gidoilari lanetan aritu da eta Euskal Herri nahiz estatuko festibaletan behin eta berriz saritu dute.
• Beatriz Narbaiza. (Ermua) Informazioaren Zientziatan eta Zientzia sozialetan lizentziatua, EHUko irakasle da alor horretan.
• Haritz Rodriguez. (Donostia) Kazetaria, Gara egunkariaren kultura saileko arduraduna eta Euskaltube.com webgunearen sortzailea.
• Antolatzaileen ordezkari, Goiena Telebistako arduraduna eta Goibeko Elkarteko kidea den Iban Arantzabal, eta Topagunearen Gazte Saileko teknikaria den Sonia Perez Anguera.

Badirudi betiko topikoa dela, baina aurkeztutako lan guztien kalitateak benetan zaildu zuen erabakia. Zalantzak horrenbestekoak izan ziren ezen sarietako batzuk erdibitzeko proposamena ere jarri baitzen mahaigainean. Hala ere, aurreikusita zeuden hiru sariak mantentzearen alde egin zen azkenean, eztabaida luze eta mamitsua izan ostean.

MihiluzeBitartean, ez pentsa aspertzeko betarik egon zenik. Epaileek deliberatzen zuten bitartean, agertokian, Imanol Gallegok antolatuta, ETBko Mihiluzeren antzeko lehiaketatxoa egin zen Rallyan parte hartutako talde guztien artean. Une horretan ere, primerako giroa egon zen, eta barre piloa egin genuen denok lehiakideen ateraldiekin.

Gaueko hamarrak aldera, azkenean, irabazleen berri eman zen. Epaileek azpimarratu zutenez, saria lan guztiek merezi zuten. Izan ere, hamar orduko epean bertan ikusitako kalitate mailako bideoak sortzeak izugarrizko meritua du. Hala ere, hiru sari baino ez zeuden, eta nola edo hala banatu behar ziren.

Hirugarren saria emateko, Sonia igo zen berriro taula gainera. 900 euroko saria Rallyan lehenengo aldiz parte hartu zuen Errekortxolis talde zarauztarrak eskuratu zuen, guztion barreak eragin zituen El Par Geta lan umoretsuarekin.
Errekortxolis, hirugarren saria

Bigarren saria, berriz, Iban Arantzabalek eman zuen. Eibarko Logurea taldeak eskuratu zuen 1.200 euroko saria, gerraren inguruko Hirugarren zenbakia bideo hunkigarriari esker. Bigarren aldia zen taldeak saria lortzen zuela, Rallyaren lehenengo edizioan ere sarituak izan baitziren.
Logurea, bigarren saria

Azkenik, Jon Andueza igo zen agertokira, lehenengo saria ematera. Araba aldera joan ziren 1.500 euroak, Gasteizko Trastaka taldeak eskuratu baitzituen, publikoari ileak laztu zizkion Bestaldean lanarekin.
Trastaka taldea, lehenengo saria

Saria lortutako hiru lanen proiekzioarekin amaitu zen egun luze baina ondo aprobetxatua. Bideoak ikusteko gogoa duzuenok, ez kezkatu: une honetan internetera igotzeko moldatzen ari gara, eta laster izango dira ikusgai euskaltube.com webgunean.

Amaitzeko, Rallyaren hirugarren edizio hau orain arteko onena izatea posible egin duten guztiei eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen:
• Parte hartzaileei, noski, egindako lan eskergagatik
• Espaloia Kafe Antzokiko langileei, eta bereziki Gorkari, antolatzaileoi zein lehiakideei laguntzeko erakutsitako prestutasun eta pazientzia mugagabeagatik.
• Goibeko Kultur Elkarteari, eta bereziki Iban Arantzabali, ekimenean parte hartzeko erakutsitako gogoagatik.
• Elgetako Udalari eta biztanleei, lehiakideei eskainitako laguntzagatik.
• Epaimahaiko kideei, sariak banatzeko erakutsitako ardura eta ganoragatik.
• Iban Toledori, alde teknikoa zaintzeko arduragatik.
• Imanol Gallegori, ‘basapiztiak entretenitzeko’ egindako ahaleginagatik.

zabaldubildudel.icio.us
  »   Sarrera honen data:   Astelehena, 2007 Abendua 31 @ 02:00 eta dagozkion atalak: Eguneko kronika. Sarrera hontara bidalitako iruzkinen jarraipena egin dezakezu RSS 2.0 jarioaren bitartez. Sarrera hontan iruzkin bat idatzi, edota trackback egin dezakezu

2 Iruzkin »

Euskal Herriko III. Ikus-entzunezkoen Rallya. Eguneko kronika…

izugarrizko egun polita pasatu genuen abenduaren 29an Elgetan, Ikus-entzunezkoen Rallyaren III. edizioan. Bideoak Euskaltubera igotzen ditugun bitartean, hemen aurkituko duzue idatizko kronika bat….

Aipua egilea: zabaldu.com — 2007k2008 Abenduak 31 @ 02:55

[…] Lehengoan, abenduaren 29an, Elgetan pasatu nuen eguna, lanean, Topaguneak antolatzen duen Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallyan. Egunaren beraren inguruan ez dizuet asko kontatuko, kronika ‘ofiziala’-edo rallyaren beraren blogean aurkituko duzue, eguneko argazkiekin eta (laster) bideoekin batera. […]

Pingback egilea: Teknopataren txokoa > Ikus-entzunezkoen Rallya — 2008k2008 Urtarrilak 4 @ 01:02

Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. Aipuaren URIa

Iruzkina idatzi

Egutegia
Abendua 2007
A A A O O L I
« Aza   Urt »
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31  
Honi buruz
Atalak

Artxiboak
Bilatu

links
Kredituak eta jarioak
Valid XHTML 1.0 Transitional
Valid CSS!

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5