Izena & izana ~ Non sailkatua : 2008 Azaroa 11

Hilabete batzuetako geldialdiaren ostean, makinaria guztia martxan jarri dugu berriz ere, Rallyaren IV. edizioa prestatzeko. Berrikuntza nabarmen bat izango da aurtengo edizioan: rallya koskortu egin zaigu dagoeneko, eta hori dela eta, izen propioa eta guzti jarri diogu: Kameratoia.

2008ko Kameratoia Tabakaleran izango da, Donostian, abenduaren 13an. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 28ra arte, eta parte hartzeko baldintzak eta abarrak prest dauzkagu jadanik. Azkar ibili, bestela lekurik gabe geratuko zara eta!

Hegoaixe, zoro haize ~ Non sailkatua : 2008 Urtarrila 18

…halaxe dio esaera zaharrak, eta Eskoriatzatik etorritako HEGOAIXE taldeak hala erakutsi digu behin baino gehiagotan.
Oraingoan (beteranoak baitira Eskoriatzarrak rallyan) In short time izeneko lana aurkeztu dute. Herriko pertsonaia ezagun baten imitazioa (oso ona antza) egiten dute bideoan… baina, nonbait, Eskoriatzakoek baino ez dute ondo ulertuko…

Hirugarren saria: elpargeta ~ Non sailkatua : 2008 Urtarrila 16

Lehiakide guztiek, lehiaketaren araudiak hala behartuta, gai eta ezaugarri berberak hartu zituzten bideoak egiteko oinarritzat. Hala ere, harrigarria da aurkeztutako lanen ugaritasuna. ERREKORTXOLIS taldeak aurkeztu zuen bideoak, ‘El-par-geta’ izenekoak, euskara apur bat ikasteko aukera ere eman zigun, bide batez barretxo batzuk eginda. Horregatik —akaso— lortu zuen hirugarren saria.

Bigarren saria: Hirugarren zenbakia. ~ Non sailkatua : 2008 Urtarrila 15

Arazo teknikoak konpontzen doaz, eta azkenean lortu dugu bigarren saria jaso zuen bideoa sareratzea. Eibarko Loguria taldeak ekoitzitako Hirugarren zenbakia lanak eraman zuen 1.200 euroko saria. Taldea 2005ean ere saria jaso zuten Jatsu Argaratek, Amaia Jaiok, Irune Jaiok eta Unax Blancok osatzen zuten. Ea zer deritzozuen:

Denak irabazle! ~ Non sailkatua : 2008 Urtarrila 15

Hauteskundeetan gertatzen den bezala, Rallyan ere lehiakide guztiak dira irabazle. Horren erakusgarri, ondoko argazki hau: Eskoriatzako Hegoaixe taldeko kideak dira, Trastaka taldeak lortutako txekeari poz-pozik eusten.

Aupa Eskoitza! :)

Hegoaixeko kide den Josebak bidali digu argazkia. Mordoska bat egin zituen Rallyaren egunean, eta Flickrren jarri ditu ikusgai. Mila esker!

EGUNERATZEA: Baten bat Photoshop (edo GIMP)ekin jolasten ibili da, errealitatea manipulatzeko gogoekin…
Hurrengoan photoshop barik, e?

Lehenengo saria: Bestaldean ~ Non sailkatua : 2008 Urtarrila 8

Aurrekoan esan bezala, Gasteizko Trastaka taldeak eskuratu du Ikus-entzunezkoen III. Rallyko lehenengo saria, 1.500 eurokoa. Nahikarik, Jabik, Lunak, Usoak, Maite eta noski Ekaitzek lan hunkigarria aurkeztu zuten, epaileen zein Elgetan bildutako ikusleen ileak laztea lortu zuena. Zuek esan, bestela:

Eguneko argazkiak ~ Non sailkatua : 2007 Abendua 31

Hemen dituzue Rallyan ateratako argazkiak. Handiago (edo astiroago) ikusi nahi izanez gero, gure Flickr kontura jo.

Eguneko kronika ~ Non sailkatua : 2007 Abendua 31

Gosaltzen, lanari ekin aurretikAbenduaren 29ko goiza hotz-hotza zen, eta seguruenik, batek baino gehiagok nahiagoko zukeen ohean geratu, baina —gripeak eragindako baja batzuk salbuespen— mundu guztiak konpromisoari eutsi eta, goizeko 8:30etarako, Euskal Herriko punta guztietatik hurbildutako gaztez beteta zegoen Espaloia Kafe Antzokia: Hamabi talde, guztira 75 bat lagun, hurbildu ziren Elgetara.

Bertoko lagunek harro-harro erakutsi ziguten eguna esnatzean han goitik duten ikuspegi ezin ederragoa. Lehiakideetako batzuek aitortu zigutenez, Elgetan bertan lo eginda zeuden, herriko ostatuetako batean, eta Ikus-entzunezkoen Rallyaren aitzakia aprobetxatu zuten asteburua bertan eman eta eskualdea ezagutzeko.

Ordutegia nahiko zorrotz jarraitu zen egun osoan: hala, goizeko bederatzietan, Topagunearen Gazte Saileko Teknikaria, Sonia Perez Anguera, Espaloiko agertokira igo eta bertaratutakoen arreta eskatu zuen. Arratsaldeko zazpietarako aurkeztu beharreko bideoetan erabili beharreko gaia eta ezaugarriak jakinarazteko momentua zen. Behean, parte hartzaileen artean, denetarik apur bat: aurreko edizioetatik ezagunak ziren batzuk, beste batzuk erabat berriak: telebistako aurpegi ezagunak, gazte koadrila animoso-animosoak, Araba aldetik guraso, ume eta guzti hurbildu zen familia oso bat ere egon zen lehiakideen artean. Sarrera osoa irakurri »

Irabazleak ~ Non sailkatua : 2007 Abendua 29

Kostata, baina epamahaiak bere lana egin eta sariak banatu ditu. Hauek izan dira hirugarren edizioko irabazleak:

1. saria (1.500 euro): TRASTAKA taldea (Gasteiz). ‘Bestaldean’

2. saria (1.200 euro): LOGUREA taldea (Eibar). ‘Hirugarren zenbakia
3. saria (900 euro): ERREKORTXOLIS (Zarautz). ‘El Par Geta’

Antolatzaileon izenean, mila esker guztioi parte hartzeagatik, eta zorionak irabazleei. Datorren urtean gehiago (eta hobeto) ezta?

Argazki gehiago hemen.

Lanak entregatzeko epea amaituta, urduritasuna nagusitu da Espaloian ~ Non sailkatua : 2007 Abendua 29

Aurreikusita zegoen bezala, arratsaldeko zazpietan amaitu zaie epea Ikus-entzunezkoen Rallyko partaideei beren lanak entregatzeko. Ezusteko tekniko txikiak gorabehera, puntual bukatu dute parte hartzaileek, eta lanak garaiz entregatu dituzte. Orain atseden hartzeko unea iritsi da. Tresneria jaso ondoren, askari txiki bat eskainiko diete antolatzaileek, egunean hara eta hona ibilita galdutako indarrak berreskuratzeko.

Denetariko jendea bildu da gaur Elgetan Rallyaren aitzakian: telebistako aurpegi ezagunak, gazte koadrila animoso-animosoak, Araba aldetik familia oso bat ere hurbildu zaigu, gurasoak, umeak eta guzti. Giroa polit-polita izan da egun osoan, Espaloia Kafe Antzokian bertan zein herri osoan: jendea mozorrotuta ibili da herrian gora eta behera, taldeetako batek manifestazioa eta guzti antolatu du… badirudi proposatutako gaiak, In-txortak, joko handia eman duela.

Orain, egunean egindako lanen segurtasun kopia egiten gabiltza. Amaitutakoan, 8:30ak aldera, lanen proiekzioari ekingo zaio. Epaimahaiko kideek, Jon Anduezak, Bea Narbaizak eta Haritz Rodriguezek, egileekin batera ikusiko dituzte bideoak, eta parterik zailena etorriko da, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak banatzea, hain zuzen ere. Haien berri izan bezain pronto, jakinaraziko dizuegu.

Erlojua badoa

Argazkiak ikusteko, egin klik hemen.

Egutegia
Azaroa 2008
A A A O O L I
« Urt    
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
Honi buruz
Atalak

Artxiboak
Bilatu

links
Kredituak eta jarioak
Valid XHTML 1.0 Transitional
Valid CSS!

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5